XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezkerretik eskumara: Mikel, Gari, Dorleta, Xabier eta Jon, Biteri Egoitzako gela bateko ohe batean jarrita.

Mikel eta Jon esate batera, iaz bero-bero ibili ei zien pisu baten bila, baina azkenean Egoitzan geratzea erabaki zuten.

Ez gaizki geundelako, pisu batetako bizitza probatu nahi genuelako.

Azkenean ez zen ezer irten, oso garesti ateratzen baitzen. Garik, ordea, sekula aldetzeko gogorik ez duela izan dio, Biteri Egoitzan primeran bizi dela.

Hemengoa oso bizimodu erosoa da, dena eginda ematen didate, gosaria, bazkaria, afaria eta gainera, eskola bertan daukat, oso denbora gutxi galtzen dut.

Beste laurek ez bezala, Xabierrek aurten eman du saltoa, ikasturtea hasi zenean Egoitzan zegoen, baina pisu batetara joateko aukera izan zuen eta ez zuen bi aldiz pentsatu.

Pisuan askoz ere hobeto nago, askatasun handiagoa daukagu eta etxeko lanei ez diegu denbora gehiegi eskaintzen, ezta janaria gertatzeari ere.

Ikasi nahi duenak, inori trabarik egin barik ikas dezake, gauez lan egin nahi badugu gauez egin dezakegu.

Hori bai, Egoitzan ere, logelako lagunen arteko harremanak onak izanda, inori trabarik ez egiteko ahaleginak egiten dira.

Xabierren kasuan, etxeko lanei eta janari kontuei ez zaie denbora gehiegi eskaintzen; beste pisu batzuetan, aldiz, sukaldari bikainak aurki daitezke.

Egia esan, Xabierrek zorte dexente izan du pisua aurkitzerakoan, gaur egun hilero 35.000 PTA ordainduta Arrasaten pisua alokatzea txollo dexentea da eta, gainera Xabierrena bezala zeharo gaizki ez badago, txollo handiagoa.

Hala eta guztiz ere, erresidentzia edozein pisu baino merkeago ateratzen da normalean, bakoitzari 25.000 PTA inguru hileko.

ORDUTEGI KONTUAK

Ikasle finen kasuan, ez dirudi pisu batetako edo Egoitzako bizitzak oso desberdinak direnik, kalera gutxi irten eta liburuei denbora asko eskaini.

Beharbada, pisuetako abantailarik nabarmenena ordutegirik eza izan daiteke: Biteri Egoitzan gosaldu nahi duenak, 7.15etatik 8etara gosaldu dezake, hortik aurrera ez.

Bazkalordurako ez da ordutegiari dagokionez arazorik izaten, bi txanda egiten dira eta, baina kolan egon beharra bai.

Gauetako kontua, bestelakoa da; Egoitzako lokala, kontuan hartuta bertako arduradunak ere lo egin eta ikasi egin behar duela, goiz samar ixten da, baina nahi izanez gero, ez dago inongo mugarik telebista ikusi edo libururen bat irakurtzen edo beste zerbaitetan behar beste denbora pasatzeko.

Arazoak, kalera irteten duenentzat izaten dira, beheko atea hamabietan ixten baita, nahiz eta ordubiak arte zeladore bat bertan egon.

Egun berezietan, ihauterietan esaterako, gauza bereziak egiten dira eta horrelakoetan ikasleetariko batek atezain lana bete behar izaten du.

Pixuetan, noski, ez dago horrelako arazorik.

Biteri Egoitzan dauden laurek, zein Xabierrek, nahiz eta pisu batean bizi, ez dute kalerako joera handirik, azkenean Arrasaten ikasteko baitaude eta ez parrandan ibiltzeko.

Lehen nobatada hura

Kanpotik begiratuta, badirudi Egoitzara iristeko lehen eguna gogor samarra izan behar duela, toki eta lagun ezezagunengana iristea esan nahi du eta.

Hala ere, Mikel, Xabier, Gari, Dorleta eta Jon-ek diotenez, denak berriak izateak asko laguntzen du ondorengo harremanak estutzeko.

Normala denez, nobatada ere jasan egin behar izan zuten, baina primeran pasa genuen, pijama jantzi eta inguruko tabernetan txikiteoan.

Hurrengo urtean, berriei gauza bera egin genien eta enbidia ematen zuen.

Ordutik denbora pasatu da eta dagoeneko Egoitzako martxan sartuta, tunan, taila taldean, argazki taldean, dantza taldean, abesbatzan edo beste talderen baten daude gehienak, liburuak alde batera utzitakoan Egoitzak eskaintzen dituen aisialdi-aukeretan.